2009-09-27 Entrevista con Andres Urrutia, euskaltzaindiako lehendakaria

2009-09-27 Entrevista con Andres Urrutia, euskaltzaindiako lehendakaria

http://www.noticiasdealava.com/ediciones/2009/09/27/mirarte/cultura/d27cul72.1364274.php

AITZIBER SALINAS
/Vitoria
Noticias de Alava

Andres Urrutia, euskaltzaindiako lehendakaria
"Ez dago hizkuntzen arteko gatazkarik; horiek kanpoko osagaien bitartez sortzen dira"
Andres Urrutiak argi du Euskaltzaindiak gazte jarraitzen duela sartu berri den belaunaldi berri bati esker. Duela 90 urteko egoera dezente aldatu den arren, bere ustez, ez da aldatu "egoera horren aurrean Euskaltzaindiak erabili behar dituenak"

Andres Urrutia Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitza ondoan.ARGAZKIA: IBAN AGINAGA
AITZIBER SALINAS
DONOSTIA.Euskaltzaindia sortu eta 90 urte beranduago heziketa lan handia egin behar duzue, arlo zientifikoan oinarrizkotzat jotzen direnak oraindik azaldu egin behar dira.
Aurreiritzi handiak daudelako gure gizartean hizkuntzei buruz eta horiek ezabatzea oso zaila da. Eta batzuetan aurreiritzi horiekin bizi behar dugula pentsatzea nekeza da, baina uste dut azaldu beharra dagoela euskararentzat garrantzitsua den gauza bat: euskarak eta gizarteak berez dituen loturak. Gizarterik gabe ez da hizkuntzarik, hizkun-tzarik gabe ez dago gizarte nortasunik. Batzuek esango dute: "Badaude beste hizkuntza batzuk", jakina, baina euskarak horiekin batera egon nahi du gizarte horretan, hemen bizi da, nortasuna ematen ditu. Hizkuntza horiek arbuiatu gabe euskara ere behar dugu.
Hala ere gauza asko nahasten dira euskararekin.
Jakina, maiz ahaztu egiten dugulako euskara bera zer den, nondik datorren eta euskara nora eraman beharko genukeen. Ahaztu egiten dugu euskara bera komunikatzeko tresna bat dela beste hizkuntzak diren bezalaxe, baina ahaztu egiten dugu euskarak berak nolabaiteko nortasuna ematen digula. Eta ba-tzuek ulertzen dute nortasun hori modu batera eta beste batzuek beste era batera. Baina badago osagai bat guztiona dena eta hori euskara bera da. Eta minimo horretan, adostuta, gero etorriko dira bestelako kontuak, nik nahiago dezaket gorria eta zuk urdina, baina guztiak dira koloretako oinarrizko osagaiak. Eta euskara bera kalidoskopio horretan oinarrizko osagaia dela, eta gero bakoitzak egin dezake, baina minimo bat beteta. Eta sarri hori ere ez dugu egiten.
Hori erakutsi duzue Estatuko akademiak bilduta: alor zientifikoan ez dagoela arazorik.
Hori izan da gure helburua, erakustea gizarteari ez dugula arazorik akademien artean. Ez dago arazorik adostasun batera iristeko eta lan erkideak egiteko. Ez baitago hizkun-tzen arteko gatazkarik, beharbada horiek kanpoko osagaien bitartez sortzen dira eta horiek era eta modu desberdinetakoak izaten dira. Hori plazaratu nahi izan dugu.
Euskaltzaindiak ere begiratzen dio herriari.
Euskaltzaindiak ez du zentzurik herriari begira ez badago, izango balitz gauza itxi bat bere horretan geratzen dena inolako harremanik ez balu gizartearekin alfer-alferrik arituko ginateke. Euskaltzaindiak 90 urte betetzen ditu. Eskerrak eman behar dizkio gizarteari beti onartu duelako Euskaltzaindiak esandakoa. Tirabirak tirabira, gatazkak gatazka, ez dut ezagutzen herri bat ere, non halako estandarizazio prozesu bat bake ederrean egin denik, oso gutxi izango dira. Nik uste dut prozesu horretan herri euskalduna guztiz diziplinatua izan dela, jarraitu diola Euskaltzaindiak esan dionari. Euskaltzaindiak zentzua badu da euskarari zerbitzua egiten eta gizarteari euskararen ikuspegitik mesedea egiten dion neurrian.
'Wazemank'eko zalantza argiketa zerbitzuaren telefonoa nahiko genuke askok.
Baina ez dut uste eraginkorra izango litzatekeenik. Oraindik Vespan daudelako. Nik eskaintza bat egin nion bere garaian eta kotxea eta guzti jarri nahi nion, baina ez zidaten onartu. Beraz, beste erremediorik ez dut eduki zerbitzu hori web gunean jartzea baino. Badakizu, moderno-moderno, izan ere Vesparekin ibiltzea ez da oso modernoa.
Badago zalantzak non begiratu.
Beste gauza bat da zein nolako gogoa daukagun, gure alperkeria ere sartzen da. Nirea ere bai.
Zertarako ikasi arau bat beti alda-tzen badituzue?
Jendea harrituko litzateke zenbateko egonkortasuna daukagun erabakietan, jendea ez da konturatzen oraintxe ari garela hiztegiaren aldetik eta gramatikaren aldetik hizkuntza baten finkatze lanean. Frantzian orain dela 300 urte egin zen, Espainian beste hainbeste, Katalunian mende bat. Prozesu horretan atzeratuta gaude eta bertan buru belarri sartuta dago Euskaltzaindia.
Noizbait jakingo al dugu euskararen jatorria zein den?
Oso zaila. Baina nik uste jatorria baino kezkak beste bat behar duela: nik ikusten dut gero eta nabarmenagoa dela euskara hemen egon dela mendetan zehar eta jatorri exotikorik ez dut uste aurkituko dugunik hain erraz.
Iruña-Veleiak ilusioa sortu zuen.
Bai, ilusioa, baina baita beldurra ere, bestearen bestekoa, ilusioa sor-tzen den neurri berean beldurra ere bai. Egia izango ote da, ez al gara liluratuko alferreko kontuetan eta abar. Eta azkenean badakizu nola amaitu den kontua: auzitegietan.
Nahasmena dago.
Bai, nik uste dut oraindik nahasmena dagoela horretan eta zoritxarrez hori gertatu dela, baina, badakizu, egia izan balitz oso polita izango litzateke, baina orainik ere misterio nobela honetan azken kapitulua ez da idatzi.
Aurreikusi al dezakezu bukaera?
Ni nobela poliziakoetan oso eskasa naiz. Normalean ez dut jakiten nor den hiltzailea eta erruduna askoz gutxiago. Itxaron egin beharko dugu.
BERAK ESANAK

Unless otherwise stated, the content of this page is licensed under Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 License